XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SASOIA JOAN DA GERO

M. Atxaga

Uztapide, hiztun egoki eta bertsolari haundiari hitza joan zitzaion, odolbildu batek buruko zainen batean egin zion urratuaren erruz.

Hitza etorri zitzaion.

Ez ordea bat-bateko bertso kanturako behar zen etorria.

Hala ere, Antonio Zabalak bi liburu idatz arazi zizkion, irakurgarriak biak ere: bata hitz lauz, bestea bertsotan.

Bertso liburuari Sasoia joan da gero deitu zion.

Egia haundia, noski, nahiz eta Uztapidek, erdi elbarririk ere, sasoiko askok baino bertso hobeak idatzi.

Karmelo Etxenagusia sasoiko dago oraindik ere, baina izan zuen gotzainetarako eta edozertarako ere hobea.

Baina orain egingo dute gotzain, Bizkaiko sioux-entzat.

Ez lehen eta ez orain ez du, nonbait, eliztar guztientzat gotzainburu izateko gairik.

Izana ez du, antza denez, izenaren parekoa.

Hala ere, euskaraz idazten dakien lehen gotzaina izango du Bizkaiak.

Beharbada, baita Euskal Herriak ere.

Etxenagusia Begoñako erretore euskaltzain urgazleak, besteak beste, hiru liburu ditu argitaraturik: Bizkai'ko euskal idazleen Lorategia, Gipuzkoa'ko euskal idazleen Lorategia eta Euskal Idazleen Lorategia.

Aurretik izan zen, jakina, apezpiku izatera heldu zen beste euskal idazle bat iparraldean: Jean Saint-Pierre, Cartagoko Artzapezpikuaren laguntzalea.

Zazpi urte egin zituen han.

Baina ez zuten sekulan gotzainburu egin.

Milafranga, bere jaioterrira erretiratu zen 1937an eta hortxe hil ere 1951ean, euskaldun guztiei eta Espainiako gerrateari ihesi joandakoiei lagunduz.

Misioetan ere izango dira euskaraz ongi idazten duten apezpiku euskaldunak.

Baina Euskal Herriko Elizbarrutietan Karmelo Etxenagusia izango da, seguraski, lehenengoa.

Berau izango da, seguruenik, sasoiko gotzainburu berri bati Erromak ezartzen dion lehen gotzain-laguntzailea ere.

Berau izango da, seguruenik, gotzainburua baino zaharragoa den lehen laguntzailea ere.

Orain arte ezinduari eta zahartuari ezarri izan baitzaio laguntzaile gaztea.

Oker bat zuzentzeko zenbat konpontzio eta umilazio jasan behar izaten den ez dago sinesterik!

EAJren eta Arzalluzen kontra mintzatu diren apezpiku eta hiru txikiko teologo guztiek artzain batek bere artaldearen marruak eta beharrak ezagutu behar dituela aitortu dute.

Blazquezek berak ere ikasiko duela euskara agindu du eta hutsune hori betetzen lagunduko dion laguntzailea aukeratu du.

Zergatik ikasi behar du beharrezkoa ez bada?

Denek aitortu dute Bizkaiko Elizaren buru izateko euskara beharrezkoa dela.

Horixe besterik ez dute esan jeltzaleek.

Zergatik eraso diete, orduan, Espainiako politikoek, elizgizonek eta iritzi-emaileek?

Ez dakit Blazquezek euskara ikasiko duen.

Lehenengo hitzean gezurra esan zuenak, bigarrenean ere gezurra erraz esan baitezake.

Hari ez ziola Bilboko gotzain izango zenik inork esan baietsi zuen.

Gezurra esan zigun, ordurako dena ongi lotua baitzegoen.

Euskara ikasiko duela agindu digunean, zergatik sinesi behar diogu?

Dena den, ikasten badu funtzionari eta politiko bati baino gehiagori emango dio ikasbide ederra.

Hala ere, oraingoz, kristau euskaldunei eta kristau abertzaleei eman zaie muturrekoa berriro.

Ez jeltzaleei bakarrik.

Eta harroxko eman ere, hainbeste sufriarazi zieten Francok izendatutako gotzain haiek berberek edo haiek aukeratutako laguntzaile leialek emateko.

Beste etsipen bat gehiago Elizarekin.